Antepara. Agian gutxitan entzun dugun terminoa. Izan ere, burdinolena propio den elementu batetaz ari gara. Altueran eraikitako depositu modukoa zen, murru zabalen gainean finkatzen zena; bertara, ibaietatik kanalek ekarritako ura bideratzen zen. Baina ez zen biltegi soila. Bere funtzioa askozaz konplexuagoa zen. Antepara honetatik, makineriaren gurpilak mugiaraziko zituen ura jauzten zen. Olagizona zen, tailerraren barrenetik, deposituaren irekiera erregulatzen zuena, gurpilen gainean ur kantitate handiago edo txikiagoa erortzea ahalbidetuz. Gurpil bakoitzari jauzi bat zegokion, eta hauen kopuruaren arabera anteparak dimentsio batzuk, edo besteak, hartzen zituen. Jauzien altuera antzekoa zen burdinola guztietan. Tamalez, Gipuzkoan ez da egurrezko antepararik kontserbatu; baina dokumentazioak eta hainbat aztarna arkeologikok, testigantza adierazgarri gutxi batzuk ezagutzea posible egin dute.
Antepararen azpian, eta bi murruen artean, uraren indarra jasotzen zuten gurpilak aurkitzen ziren. Hauek funtzionamenduan jartzean -eta makinariarekin komunikatzen zituen ardatz batzuez baliatuz- mugimendua tailerraren barrualdera transmititzen zen.